Prozedura

Erreklamazio ekonomiko administratiboak

Erreklamazio ekonomiko-administratiboa hilabeteko epean jarri behar da, aurkaratzen den egintza jakinarazten denetik egunez egun zenbatuta; hala, epea hurrengo hilabetean bukatuko da, jakinarazpena zein egunetan egin zen, egun berean, edo biharamunean, baldin eta egun hori baliogabea bada. Hala ere, administrazio-isiltasuna gertatzen bada, hark ondorioak dituen unetik jartzen ahalko da erreklamazioa.

Berraztertzeko errekurtsoa paratu ondoan erantzunik jaso ez bada, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri daiteke errekurtsoa paratu zenetik hiru hilabete iragandakoan, edo, bestela, berariazko ebazpenaren zain gelditu.

Administrazioaren edozein erregistro-bulegotan aurkezten da, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboari zuzenduriko idazki baten bidez. Hartan argi eta garbi adierazi behar da zein egintza aurkaratzen den, zergatik egiten den haren aurka, eta zein diren erreklamatzaileen uziak, eta norbere interesen alde egiteko egokitzat jotzen diren agiriak eransten ahal dira. Interesdunek edo haien ordezkariek sinatuko eta datatuko dute agiria.

NFAEAk erabaki bat hartuko du errekurtsogilearen uzien gainean, eta horrekin bukatuko da prozedura. Prozedurak gehienez ere urtebete iraunen du, erreklamazioa jartzen denetik hasita, eta berariazko ebazpenen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri daiteke, jurisdikzio horretako arauei jarraikiz.

Epe hori iragaten bada berariazko ebazpena jakinarazi gabe, erreklamatzaileek ezetsitzat jotzen ahalko dituzte beren uziak, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hasiko da.

Ordezkaritza

Ahalorde askietsiaren bidez egiaztatzen ahal da ordezkaritza, notarioak legeztaturiko sinadura agiri pribatu baten bidez, edo “apud acta” bidez ematen ahal da auzitegiko idazkariaren aurrean.

Pertsona juridikoen kasuan, sinatzaileak egiaztatu beharko du erreklamazioa jartzeko ahalmena duela, aplikatzekoak diren arau edo estatutuekin bat.

Aurkaratutako egintzen betearazpena etetea

Erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeak ez du ekarriko aurkaratutako egintza etetea, salbu eta kasu hauetan, automatikoki etenen baita:

  • Zerga-zorraren zenbatekoa estaltzeko berme nahikoa jartzen bada.
  • Zerga-zehapen baten aurka jartzen bada erreklamazioa; kasu horretan, ez da bermerik aurkeztu behar.

Honako hauetako bat izanen da lehen mailako bermea:

  • Eskudiruaren edo balore publikoen gordailua Nafarroako Foru Komunitatearen Diruzaintzan.
  • Finantza-erakunde batek edo elkar bermatzeko sozietate batek emandako abal edo fidantza solidarioa, edo kauzio-asegurua.
  • Kaudimen aitortua duen norbaitek emandako abal edo fidantza pertsonal eta solidarioa.

Lehen mailako bermerik jarri ezin bada, inguruabar hori egiaztatu beharko da, eta bestelako bermeren bat jarri, egintzak administrazio-bidean berraztertzeko Erregelamenduan (85/2018 Foru Dekretua) ezarritako moduan eta behar diren agiriak erantsita.

Bermerik jarri gabe ere eskatzen ahal da egintza eteteko, baldin eta konpondu ezin diren edo konpontzeko zailak diren kalteak sortzen ahal badira. Kalte horiek egiaztatu beharko dira, eta eskatzailearen kaudimen eta likideziari buruzko peritu-txosten bat aurkeztu beharko da.

APARTEKO BERRIKUSPEN ERREKURTSOA

Irmo bilakatu diren administrazio-egintzen aurka baizik ezin da jarri, eta arrazoi hauengatik soilik:

  • Gaia ebazteko funtsezkoak diren agiriak agertu direlako, haietan agerian gelditzen denean akats bat egin zela, baldin eta ezinezkoa bazen agiri horiek aurkeztea aurkaratutako egintza eman zen unean.
  • Errekurritutako ebazpenean funtsezko eragina izan zuten agiri edo lekukotzak faltsutzat jo direlako epai judizial irmo baten bidez.
  • Aurkaratutako ebazpena prebarikazioaren, eroskeriaren, indarkeriaren, iruzurrezko azpikeriaren edo bestelako jokabide zigorgarri baten ondorioz eman zelako, baldin eta epai judizial irmo batean hala ezartzen bada.

Errekurtsoa jartzeko epea: hiru hilabete, agirien berri izaten denetik edo epai judizial irmoa ematen denetik.

Ebazteko epea: Lau hilabete, errekurtsoa jartzen denetik.

Aurkaratutako egintza etetea: Ezin da egintza eten.